Klase borroka Euskal Herrian

Héctor Sierra

[en castellano]

Urtarrilaren 14an 78.000 lagun bildu ziren Bilboko kaleetan “giza eskubideak, bakea eta konponbidea” eskatzeko. 2012z geroztik, urtero egin den elkarretaratze jendetsu honek 2014an gailurra jo zuen 130.000 pertsonek kaleak hartu zituztenean epai batek manifestaldia debekatu eta gero.

Manifestatzaileek behin eta berriz eskatu dute euskal preso politikoek jasaten dituzten salbuespenezko neurriak desager daitezen. 80ko hamarkadan Felipe Gonzalezen gobernuak sortuak, ETAren aurkako estrategia berri baten muinean zeuden neurriok.

Ordurarte jorratutako bide nagusiak GALen sorrera eta muturreko eskuineko taldeekiko elkarlana izan ziren, ETAkideak jazarri eta erailtzeko. Ustearen kontra, estatu aparatuak ez zuen estrategia hau bertan behera utzi gobernurako ekar litzakeen kalteengatik, baizik eta Frantziak ETAkideei errefuxiatu politiko estatusa kendu baitzien. Horrez geroztik GALa, zeinek eraso gehienak Iparraldean egiten zituen, ez zen beharrezkoa.

Salbuspenezko neurriek taldeko katebegi ahulena jarri zuten jomugan: antolakundearen ehunka presoak. Haien baldintzak okertuz eta haien ingurutik isolatuz (senide, adiskide, abokatu edo beste kideak), estatu aparatuaren asmoa presoak ETA utzi eta gaitzestera behartzea izan zen.

Neurri kaltegarrietan kaltegarrienak ditugu zigorrak luzatzea, gaitz larri edo terminalak dituen presoak gartzeletan mantentzea eta sakabanaketa: preso arruntek ez bezala, euskal preso politikoek ez dute zigorra betetzen beren bizilekuetatik gertu, baizik eta Espainia eta Frantziako lurraldetan barrena barreiaturik.

Hilean behin, senide eta lagunek bidaia luzeak egiten dituzte 40 minutuko bisita baterako. Urteetan zehar 16 pertsona hil dira auto-istripuetan. Beste batzuetan poliziek geldi ditzakete bidean eta jazarri, edo hogei orduko bidaia egin ondoren aurkitzea ez dituztela gartzelara sartzen uzten.

2011ko urrian, ETAk bere ekimenaren bukeraren berri eman zuen, baita antolakundea eta haren armategiak deusezteko ere. Bost urte igaro eta gero, salbuespenezko neurriek indarrean diraute.

Diktadura eta trantsizioa

1982an, terrorismoaren kontrako borrokari buruzko jardunaldi batean Madrilen, Espainiako armadako goi-kargudun bat kexu agertu zen aurreko 150 urteetan euskal belaunaldi guztiek fusil batetik ikusi izan zituztelako beste espainarrak. ETAren jaiotzak joera horri segida eman zion. 1950ko hamarkadan sortua, hurrengo mende erdian bere kideak sutsuki borrokatuko ziren Estatu independente eta sozialista sortzeko xedearekin, bidean 800 hil baino gehiago eraginez.

ETAk babesa jaso zuen diktaduraren azken urteetan, Euskal Herrian ez ezik Francoren aurkako mugimendu zabalean, armadako goi-kargudun eta polizia torturatzaileak jomugan jarri zituzten ekintzei esker edo greban zeuden langileen nagusiak bahitzeagatik.

Gaur egun, ostera, ezkerreko giroetan nagusi den jarrerak esaten digu ETA eta antzeko taldeen jarduera bidezkoa izan zela diktaduran, baina demokrazia garaia hastetik zuritzerik ez daukala. Kontakizun hauek hiru gako uzten dituzte alde batera:

Lehenbizikoz, 1978ko konstituzioari arrakastaz boikot egin zioten Euskal Herrian. Partehartzea oso apala izan zen, eta bozkatu zuten artean %30k besterik ez zuen konstituzioaren alde egin. Hala eta guztiz ere konstituzioa ezarri zuten, 1986an OTAN ezarriko zuten bezalaxe haren kontrako boto eskerga gorabehera.

Bigarrenez, ETAk diktadura tinko borrokatu zuen, baina Franquismoaren amaiera inoiz ez zen taldearen helburua, bitartekoa baizik. ETAren helburua Espainia eta Frantziatik independente eta sozialista litzatekeen estatua sortzea zen, eta konstituzio berriak Espainiako armadari batasun nazionala defendatzeko ardura ematen zion.

Hirugarrenez, bai PSOEk eta bai PCEk, bloke franquistaren exijentzia guztiei men eginez, autodeterminazio eskubideari bizkar eman zioten, nahiz eta Francoren aurkako mugimenduaren parte bezala defendatu izan zuten.

Faktore hauek ez dute esan nahi borroka armatua bide bakarra edo egokia zenik, baina argi ikus daiteke diktaduran ETAri sostengu eman ziotenek arrazoi gutxi zutela garai berrietan sostengu hori kentzeko. Kontuan hartu gabe ezin dugu ulertu ETAren biziraupen luzea ere.

Isolamendua

Urteak aurrera egin eta Espainia Europar Batasunaren kide osoa bihurtu ahala, ETAk gero eta zailtasun gehiago izan zituen ekintzak burutzeko. Gatazka militarren logikan murgildurik, taldeak eraginkortasuna lehenetsi zuen eta zibil hildako kopurua hazi egin zen. Gero eta errepresio gehiago Euskal Herrian, gero eta bortitzagoak ETAren ekintzak.

Ondorioz, herri babesak lur jo zuen. 90ko hamarkadaz geroztik, ondoz ondoko gobernu sozialistak eta kontserbadoreak giroa profitatu zuten. Aise zabaldu zuten hedabideetan ohiko bihurtu zen diskurtsoa: arazoa ez zen terrorismoa, hau elikatzen zuen independentzia grina baizik. Demokratek desadostasunak alde batera utzi behar zituen eta indarrak batu mehatxuaren aurka.

Ikuspegi honetatik aldentzen zen edozein iritzi salatu zuten ETAren biktimei iraina zirelakoan. Apurka-apurka, giroa gauzatu zen non alderdi politikoak lekez kanpo utzi, euskarazko egunkariak itxi, sindikalistak atxilo eraman edo kazetariak torturatzea onargarri bihurtu zen, terrorismoaren kontrako borrokaren parte ezinbestekoa.

Altsasun arestian gertatutakoek erakusten dute giro hori ez dela batere desagertu gaur egun. Guardia Zibilekin gaueko liskar batean aritzeagatik gazte batzuk terrorista bezala epaituko dituzte laster.

Bidegabekeria hauek ez zuten ezinbestean gertatu behar eta asko gelditu ahal izan ziren, Espainiako ezkerrak ausart eta elkartasunaz jokatzeko prest egon balitz. Gehienetan, isiltasuna besterik ez zen etorri haiengandik. Analisi ezin okerrago batek eta hauteskunde-kalteen beldur izateak eraman zituen Ezker Batuko buruzagiak parte hartzera Espaniar nazionalismoaren izen atzerakoienekin bat PPk bultzatutako manifestaldietan.

Borroka armatuaren izatea

Halere, Espainiako ezkerraren jokaera koldarra edo Estatu errepresio basatia ez dira nahikoa esplikatzeko zergatik Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak inoiz ez zuen irabaztea lortu. Mugimendu honek hamarkada luzeez babestu zuen estrategiari erreparatu behar diogu.

Lantokietan antolatzeak ekintza kolektiborako baldintzak sortzen ditu eta klase-kontzientzia piztea dakar. Borroka armatua, berriz, talde txiki eta klandestinoek osatu behar dute ezinbestean. Eredu honek langileen sostengu pasiboa bilatzen du; gutxi batzuek burutatako ekintza ausartak mirestea eta txalo egitea. Langile mugimendua sustatu ordez, kontrako eragina izaten du.

Halaber, mugimenduaren alderdi politikoak militarren mendean egoteak ez du benetako barne-demokraziarik ahalbidetzen: militante hierarkia sortzen du non gehien arriskatzen duenek sarri erabaki inportanteak hartzen dituzten.

Horrez gain, ikusi dugun bezala, epe luzean borroka armatuak aukerak sortzen ditu Estatuak ezkerra baldintza arruntetan baino askozaz errazago neutralizatzeko.

Borroka armatuaren ondorio eta mugak agerian geratu dira aurreko urteetan. 2007-08ko finantza-krisia hasi zen eta bai PSOEk eta bai PPk gartsuki ekin zioten EBk ezarritako austeritatezko oldarrari. Independentziarako ikaragarrizko mugimendua piztu zen Katalunian. Milioika atera ziren kalera eta 2015ean herri presioak eraman zuen independentziarekin konpromitutako gehiengoa Kataluaniako Parlamentura.

Gertakari hauek miresturik eta inbidiaz segitu dute eragile askok Euskal Herrian, antzeko prozesu bat martxan jartzea lortu gabe orgaingoz. Abagunea agertu zenean, euskal gizartea dinamika oso ezberdin batean zegoen eta herria mobilizateko egiturak suntsituta zeuden edo ez ziren existitzen. Ondorioz, Kataluniako burgesia ez bezala, EAJk ez zuen presio nahikorik sentitu independentziaranzko urratsik emateko.

Su-etena

ETAren eta Espainiar gobernuaren arteko azken negoziazio prozesua 2006an zapuztu zen, PPk eta eskuindarrek kontrolatutako biktimen elkarteek oztopaturik, baita ezker abertzalearen ikuspegi bateratu ezagatik. Borroka armatuaren jarraipenaren aldeko apustua egiten zutenen eta ziklo aldaketa defendatzen zutenen arteko haustura inoiz baino handiagoa zen.

Negoziazioak porrot egin ondoren, Arnaldo Otegik eta bere usteko bestetzuek barne eztabaida luze eta sakon bati ekin zioten, borroka armatua desagertu behar zela mugimenduari konbentzitzeko ahaleginetan. Eztabaida ez zen plazaratu ikuspuntu moral batetik, baizik eta borroka armatua eraginkorra zen ala ez auziaren inguruan.

Ez zen lehenengo aldia ezker abertzalearen sektore batzuk norabide horretan pausuak ematen saiatzen zirenik, baina oraingoan, alderdi independetista gehienak instituzioetatik at zeudelarik, errepresio maila izugarriarekin eta ETA ahula baina kanpaina bortitz berri bati ekiteko asmoz, aldaketaren aldekoak gailendu ziren.

Azkeneko arnasgune esanguratsuez gabetuta, ETAko militanteek mugimenduko lidergoa galdu zuten eta ez zuten erabakia onartu beste aukerarik ikusi.

Etena iragarri baino lehentxeago, Otegi eta egoera berria posible egin zuten besteak atxilotu zituzten eta hurrengo 6 urteak gartzelan pasako zituzten.

Sabotajea

Atxiloketa hauen arrazoiak ere argitzen du zergatik, bost urte geroago, bake prozesurik ez da hasi Euskal Herrian: klase zapaltzailea jabetu zen askoz etekin gehiago atera ziezaiokela ETA makal baina aktibo bati ETA desagertu bati baino eta xinpleki ez zuen onartu, bereziki murrizketek jendearengan eragin latza hasiak zirelarik eta milaka herritar Espainiako plazak okupatzen ari zirelarik.

2011tik, Rajoyren gobernuak jokatu zuen ezertxo ere gertatu ez balitz bezala. Militanteak atxilotuz eta presoen egoera okertuz, lehenagotan nahikoa izan zena ETAk menia bat apurtzeko.

2014an, nazioarteko bitartekaritza talde batek ETAri lagundu zion armategi bat suntsitzen eta irudiak hartzen, munduari erakusteko armagabetzeko borondatea zintzoa zela eta gobernuei oztopoak ez jartzeko eskatuz. Bitartekariak Auzitegi Nazionalean deklaratzera behartuak ziren.

Berriki, Iparraldeko eragile, sindikalista eta kazetariz osatutako talde bat atxilotu zuten ETAri beste armategi bat deuseztatzen laguntzen ari ziren bitartean.

Gatazka konponbidetan aditu eta aritu asko harrituta agertu dira “historian ez dagoelako desarmatzen saiatu eta ezin izan duen talde baten aurrekaririk”.

Bost urtetan tirorik ez eztandarik ez, eta Euskal Herrian agente armatuen kopurua ez da jaitsi, Europan handienetakoa izanik.

Sabotaje saio hauek hiru funtzio dauzkate: lehenik, kontakizuna ezartzen dute non ETAren amaiera ez da taldearen erabakia edo euskal gizartearen eskakizuna, baizik eta klase zapaltzailearen garaipen militarra; bigarrenik, ahalik eta luzeen atzeratzea normalizazio politikoa Euskal Herrian; azkenik, salbuespenezko neurriak mantentzea, eta haiek xantaia gisa erabiltzea independentzia nahien aurka.

Lehenaldian PPko zein PSOEko gobernuek interesa agertu zuten negoziazioetan engaiatzeko. Egungo baldintzetan, ordez, eta daukan nagusitasunatik, PPk ez dio aurkitzen onurik apustuari.

Ezker berria

ETA bere jarduera eten eta gero, ezker independentistaren adar ezberdinek EH Bildu koalizioa aurkeztu zuten. Taldeak legez kanpo geratzea saihestu zuen eta hamarkadetan ezker independentistak lortu izan zuen boto kopuru handiena jaso zuen, Jaurlaritzan bigarren indarra bilakatuz EAJren atzetik. 2016an eutsi zion Podemosen olatu indartsua gorabehera.

Koalizio honen izaera, sozialdemokratak eta ezker erradikaleko sektoreak batuz, euskal ezker osoa erreformismoaren eremurantz mugitzea ekarri du. Borroka armaturik ez dago jada, baina haren izpirituak dirau: orain ere gutxi batzuek badute ekimena, eta gehiengoari dagokion rola ikusle pasiboarena da, noizean behin hautetsontzietan sostengua adieraziz.

Gehiengo langilearenganako konfiantza falta honen ondorioz, ezker berriak bere ekinbide parlamentarioari eta nazioarteko eragileen engaiamenduari bideratu dizkio bere esfortzuak eta esperantzak gobernu espainiar eta frantsesen blokeoa gainditzeko.

Hala ere, Bilbon ikusitakoak bezalako masa ekintzek bakarrik lortuko dute presoen egoera aldatzea, gobernuak bere jarrera mantentzea ezinezko bihurtuz, eta mugimendu independentistak aurrera eramatea. Ezker iraultzaile berri bat premiazkoa da mobilizazio hauek astintzeko eta egitasmo independentista koherente bat bultzatzeko ikuspegi sozialista batetik.

Euskal Herritik at, iraultzaileak espainiar Estatuan argudiatu beharko lukete erabakitze eskubideak bakarrik konponbide sendo eta luzerako ekar dezakela Euskal Herrian. Eskubideari bakarrik ez, eta independentziaren aldeko apustua ere egin beharko lukete, bai Euskal Herrian eta bai Katalunian, lurralde hauetan baina baita Espainiar estatu osoan ere sortuko lituzkeen hausturarako aukerengatik, klase zapaltzaileak krisi sakon batetik ateratzen ari den honetan.


Este texto se publicó originalmente en inglés, en Socialist Review, la revista mensual del SWP, la organización hermana de Marx21.net en Gran Bretaña.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s